|
Ez zaitugu inoiz ahaztuko |
Zendu da gure lankidea Susana Irazusta
Adarraga (1959-2015)
Gaixotasunak Susana jo zuen gure Departamentuko eta Laborategiko zuzendaria zelarik. Hala ere, Unibertsitate, lankide, doktoregai eta ikasleekin zuen konpromisoari oraindik luze eutsi zion, modu eredugarri batean. Bere bizi nahia eta indarraren irakaspenak luze iraungo du ezagutu izan genuen guztion gogo eta bihotzean.
Hona hemen Fakultateko dekanoak dedikatutako hitzak:
Susana Irazusta irakasle titularra zen UPV/EHUren Jarduera Fisikoaren eta
Kirol Zientzien fakultatean. Atletico San Sebastian kirol klubeko nazioarteko
atleta gisa kirol karrera luze eta arrakastatsua izan ostean, Madrileko INEF-en
lizentziatu zen kirol hezkuntzan, turismoaren diplomatura egin eta, azkenik,
filosofia eta hezkuntza zientzietan doktoratu zen, pedagogiaren atalean, 2000.
urtean. Donostiako Ekintza ikastolan ekin
zion irakaskuntza karrerari eta 1990.ean SHEE/IVEFen hasi zen irakasle. Institutu
hura UPV/EHUra sartzerakoan, gure unibertsitateko irakasle bilakatu zen
2005ean.
Urteotan zehar, Susana hainbat unibertsitate
karguren arduretan jardun da, Kirol hastapenen saileko zuzendari eta
SHEE/IVEF-eko dekanorde, esate baterako. Egun, jarduera fisikoen ikerkuntzarako
laborategiko zuzendaria genuen eta Gorputz eta Kirol Hezkuntza saileko zuzendaria.
Berezko zituen ezinegon eta bizitasunari ezin
eutsita, hamaika jarduera antolatu zuen ikasleentzat, Bordeleko Guyan-Mestras krosean
parte hartuz edo berdintasunaren aldeko jardunaldiak antolatuz.
Susana Irazustak ibilbide trinkoa izan zuen ikertzaile gisa IKERKI
ikertaldearen barruan, Donostiako Irakasleen eskolan, Josean Arruza eta,
gerora, Silvia Arribas zuzendari zituelarik, “jarduera fisiko eta kirolaren
arloko hezkuntza eta esku hartzea” deritzon ikerketa ildoaren arduradun moduan.
Lankide ere aritu zen lurralde eremurako zenbait
proiektutan, eskola kirolaren edo, populazioaren kirol ohitura eta jarduera
fisikoaren arloetan; bai eta hauek zabaltzeko plataforma batzuetan ere (http://www.ehu.eus/cinvidere, http://www.kirolbegi.net). Nazioarteko ikerketetan hartu zuen parte (jarduera fisiko
eta kirolaren ikerkuntzarako piriniar sarea, eta derrigorrezko bigarren
hezkuntzako eskolaumeen gaitasun motrizearen balioespena, Pirinioetako lan
esparruko lurraldeetan) eta harreman zuzen eta pertsonala izan zuen Coloradoko
Northern unibertsitatearekin eta Illinois At Chicago unibertsitatearekin. Gaur egun,
“Kalitatezko hezkuntza fisikoaren oinarrizko gaitasunak. Hezkuntza fisikoaren programazioari
dagozkion prozesuen analisia, oinarrizko gaitasunak berenganatzeko egiazko
eraginkortasunari jarraiki” izeneko ikerketa proiektuan ari zen.
Ikertzaileen prestatzaile gisa, nabarmentzekoa da ikerkuntza masterretan
izan duen parte hartzea eta, bereziki, Bordeleko unibertsitatearekin izan duen
lankidetza. Master
amaierako lan eta doktorego tesi ugari zuzendu ditu.
Unibertsitateko kideen artean zituen lagun eta adiskide guztiok sakon
sentitzen dugu bere hutsa, lanbidean ez ezik, norberaren baitan indusitako hutsunea. Hala ere,
bere aztarnak betiko iraunen du.
Agur eta ohore.
MAITE FUENTES
(UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren
Zientzien Fakultateko dekanoa)